Zergatik egin harremanetarako gizarte lanaren aldeko apustua eta hartu harekin konpromisoa?

Gizarte lana loturak sortzeko artea da eta harremanen ikuspegia gure lanbidearen eta diziplinaren funtsa da, lotura horiek duten indarrean agertzen baita gizarte lan kritikoaren zentzu osoa eta beharra. Gizarte lan kritiko horrek gizarte eraldaketaren aldeko apustu egin behar du, eta jakintza eraikitzeko eta harreman eta ingurune gizatiarragoak eta gizatiartzekoak eraikitzeko konpromisoa hartu.

Biltzar hau gogoetarako eta harremanetarako gune bat elkarrekin eraikitzeko ilusioarekin eta konpromisoarekin jaio da, gizarte lanaren funtsa harremanetarako loturen indarra dela agerian utziko duten ikuspegiak, kontakizunak eta esperientziak partekatzeko, askotariko ikuspegietatik eta lanbide guneetatik (unibertsitatea, gizarte zerbitzuak, hirugarren sektorea…). Zinez uste baitugu esperientzia, kontzeptualizazio eta begirada horien guztien sinergietatik indartuta aterako dela harremanetarako gizarte lana, bai alderdi epistemologikoan eta bai alderdi praktikoan.

Gizarte lanaren ezaugarri bereizgarrietako bat da harremanek praktikan eta gizarte lanaren kontzeptualizazioan bertan duten indarraren balioa agerian jartzea. Izan ere, gizarte lanak bere zentzu osoa hartzen du bananako eta gizarteko lotura prozesuetan alboan egoterakoan eta harreman eta ingurune gizatiarragoak eraiki eta ehuntzeko apustu sendoa egiten duenean.

Harremanetarako gizarte lanaren indarra berreskuratzeak esan nahi du, neurri batean, gizarte lanaren erroetara itzultzea, burokraziaren eta prozeduren sokak haustea eta despertsonalizazioa gainditzea; alegia, akonpainamendu psikosozialeko eta ahalduntzeko prozesuetan bidelagun izaten espezialistak garela kontuan hartzea.

Gizarte Lanean, harremanetako ikuspegi horrek dimentsio konplexua eta dimentsio askotakoa hartzen du, eta zeharkako eragina du hainbat gunetan, horien artean, banakakoan edo familian, komunitatean eta erakundeetan.

Harremanetarako gizarte lanari buruz hitz egiteak esan nahi du, halaber, gure lan jardunaren gidari kontzeptu eta ikuspegi positiboagoak eta dinamikoagoak hartzea, begirada soilik alderdi disfuntzionaletan edo patologikoetan ez jartzea, eta loturak eraikitzen eta ehunen joatea, subjektuek ondoan norbait dutela senti dezaten, baina, aldi berean, jakinik beren bizitza proiektuaren gidari direla eta ez baliabideen edo modu inpertsonalean eta prozedurei lehentasuna emanez programatutako esku hartzeen hartzaile pasibo.

Horrela, harremanetarako gizarte lanari dagokion balioa emateak esan nahi du, Silvia Navarrori jarraikiz, De como Robinson Crusoe (re)descubrió a Viernes testuan (2011),

“gai hauei buruz hitz egitea: alteritatea, gizarte eragileak eta subjektuak, gizarte sareak, gizarte laguntza, elkarrekiko laguntza, gizarte kapitala, bizi aukerak, komunitateko loturak eta konplizitateak, giza garapena, gaitasunak, indartzea edo ahalduntzea, erresilientzia, aldaketa, gatazka, aniztasuna, narratibak, gizarte sorkuntza, gogoetazaletasuna, sinergiak, zeharkakotasuna, etab. Horrek guztiak gizarte gaiei buruzko kontakizun berri eta zirraragarriak eraikitzera eramateaz gainera,  esperimentatzera eta gure jardunbideak berrikustera bideratuko gaitu, gure lanaren egiteko eraldatzailea indartzeko”.